Joanes Ibarra provides a blog entry in Basque on British universities.

Behin batean, abereek eta landareek hizketan zekiten garaian ba omen zegoen unibertsitate izeneko leku bat. Baina denborak aurrera egin ahala, unibertsitate horrek bere izaera galdu zuen. Lehen, unibertsitate hitzak adierazten zuen bai ikasleok bai irakasleok pentsamendu unibertsalaren alde egiten genuela lan. Orain ez, orain beste zentzugabeko gauzen artean galtzen dugu denbora, Blogen Nazioarteko Egunerako “blogeatzen”, esaterako.

“Edozein gauza idatzi euskaraz” esan zidan lankideak. “Edozein gauza?” “Zertarako? Zein da helburua?”  “Bada, horixe! Blogen Nazioarteko Eguna ospatu behar dugula, administrazio-buruak esan baitu!”. Portuges irakasleari bakailau kruxpetei buruz idazteko eskatu diote, unibertsitatean, literatura ikertzen duen aditu bati. Behin batean, abereek eta landareek hizketan zekiten garaian, ba omen zegoen unibertsitate izeneko leku bat, eta bertan egiten zen lana zentzuzkoa zen.

Baina tira… Monty Pythonen mundu surrealista honetan bizitzaren alde ona bilatzen saiatu behar dugu; beraz, nik ere hala egitea erabaki dut. Izan ere, euskaldunon artean euskara beti izan da tresnarik egokiena lelokeriak eta zuzengabekeriak kritikatzeko. Bertsolari batzuek frankismo garaian euskaraz adierazi zuten euren benetako iritzi politikoa, zentsoreek ezin baitzuten ulertu. Halaber, bigarren mudu gerran amerikarrek guda-kode bezala erabili omen zuten.  Iraganean izan zen eta etorkizunean ere hala izango da libre, guk nahi duguna esateko.

Batek daki, beharbada hemendik gutxira Blogen Nazioarteko Egun honetan jai izango dugu. Eta hori noizbait errealitate bihurtuko balitz, gure unibertsitateen ipuina honako hitz hauekin bukatuko genuke: Behin batean, abereek eta landareek hizketan zekiten garaian ba omen zen unibertsitate izeneko leku bat, gaurkoa unibertsitatearen ipuina besterik ez den bitartean, eta hala bazan al ez bazan sar nazatela kalabazan eta ager nadila herriko plazan.

 This blog entry is one of several written by the language staff of the University of Liverpool to celebrate Multilingual Blogging Day. Read the other blog entries in Spanish, CatalanGerman, French, Italian and Portuguese here.

Advertisements